2007-07-27

magia eta plazer tradizionalen diskoa


Zaharra eta modernoaren arteko fusioa. Tradizioa eta garaikidetasuna. Ezinezkoa? Kimerak? 27ko belaunaldiko oinordekoen amets eldarnioak? Ez da beharrezkoa horren urrun joatea. Hemen eta orain, 2007ko Euskal Herrian, nahaste hau aurrera irtetea lortu da. Izan zaitezte, bada, ongietorriak Lantzera: ordenagailuek lortu dezaketen soinu guztia gure betiko folk musika ederrenarekin bat eginik.

Lantzen lehen pausoak, data bat jartzearren, duela gutxi gorabehera urtebete hasi ziren, eta azkeneko emaitza euskal musikaren “dream team” bat izan da. Taldeko partaide guztiak musikaren munduan aski trebatu eta eskarmentatutakoak dira, eta entzuleari diskoarekin duen lehen kontaktuarekin argi geratzen zaio hori. Egia esan, ezin da gutxiago espero proiektu honen atzean dauden musikagileak ikusirik, esate baterako Ganbara taldeko Juan Ezeiza (biolina, xirula eta alboka) eta Josean Martin Zarko (gitarra, bouzouki eta mandolina), Beti Mugan ohia Xabi Lopez (guitarra), Alaitz Telletxea (trikitixa) eta Sorotan Beleko Mikel Errazkin (teklatuak, programazioa eta samplerrak); musikari guzti hauei euskal musikaren agertokiko hiru emakume ahots onenetarikoak gehitu behar zaizkio gainera: Garbiñe Insausti (Garbiñe), Olatz Prat (Karelean) eta Oihana Lekuona (mikelerrazkin&HF).

Haizea, sokak eta elektronika, Laïs antzerako euskal bertsio eta Phamie Gow arpari eskoziarraren soinuen kolaborazio berezia. Emaitza, noski, bikaina. Izugarria da euskal kantu tradizionalak nola berpizten diren Errazkin eta kideek egindako garbiketa modernoarekin. Batzuk ezagunak egingo zaizkizu. Beste batzuk, eta nahiz eta mende askotako bizitza izan, lehen aldiz estudio batean grabatuak izanez berrikuntza bat izatera iritsi daitezke (memoriak ez badigu kale egiten). Dena den, dudarik ez dago Igaran gaiak osatzen duten hamar piezak guztiz interesgarriak direla, eta ez bakarrik musikari dagokionean. Letra bakoitzak gure historiaren zati bati buruz hitz egiten du, euskaldunona eta Euskal Herriarena bera ere bai. Iraganeko gertakarietatik (Alostorrean, Aloseko dorreko bataila bezala) eguneroko gaietaraino (batez ere maitasunaren inguruko gaiak, zenbait abestitan jorratzen dena), izan ginena, garena eta izango garena nahasten dira magia eta plazerezko disko honetan. Hori dela eta, euskal folklorea eta musikaren zabalkuntzaren zeregin garrantzitsua izan duen Nafarroako Lantz herritik taldearen izena hartu izana ez da izan, inolaz ere, erabaki funsgabe bat.

1 comentarios:

Bender dijo...

Mmmm...disko oso interesgarria ematen du...nahiz eta ez dago "Call me Lady champagne"rik barruan... ze pena jejeje!