
(PASAIAN.COM online egunkarirako idatzita. Bertan gaztelerazko bertsioa, versión en castellano, aurkitu dezakezue)
Urriaren 13an Xabier Lekue trintxerpetarrak Hawaiko Ironman frogan (triatloi modalitaterik gogorrenaren Munduko Txapelketan) parte hartu zuen, bigarren aldiz. Bere kategoriako bigarren postua eskuratu zuen (35 eta 39 urte artekoa), 9 ordu eta 5 minutuko denborarekin. Izugarrizko balentria, benetan burdinezkoak diren gizonen eskuetan soilik dagoena.
Zer moduz Hawaiko bigarren abentura honetan?
Primeran. Banekien zer aurkituko nuen Kona hirian, batez ere, hezetasun giroa. Hala ere, ezustekoak ezinbestekoak dira: aurreneko aldian baino askoz indartsuago jo zuen haizeak txirrindaz egin beharreko partean.
Baina azkenean ordu erdi batean lortu zenuen 2005eko zure marka pertsonala hobetzea. Espero al zenuen holakorik?
Egindako entrenamenduak kontuan hartuta, gogorragoak izan direnez eta hobeto prestatuta joan naizelako, nolabait espero nuen emaitzak dezente hobetzea. Fisikoki oso ondo ikusten nuen nire burua, batez ere Lanzaroteko sailkapenean lortu nuenaren ondoren, orokorrean hamargarrena gelditu bainintzen. Baina Ironman batean edozer gauza gerta daiteke, eguraldi txarretik hasita gurpil baten zulaketaraino.
Zu amateurra izanda, nola eraman zenuen profesionalekin neurtzearena?
Ondo. Hawaien lehendabizi ateratzen dira profesionalak eta 15 minutura beste guztiak. Batzuk eta besteen dortsalak kolore ezberdinekoak dira. Txirrindarekin profesional batzuk atzean uzten ari nintzela ikustean, hasi nintzen neure buruari esaten agian froga ondo egiten ari nintzela.
Zeintzuk dira aurkitu zenituen gorabeherarik aipagarrienak?
Batez ere, aipatutako haizea txirrindaz egin beharreko partean. Gero, froga honetako arau berezi batzuek oztopoak jartzen dizkigute bigarren txandan ateratzen garenoi. Lanzaroten ez da gertatzen holakorik. Dena den, badaude gauza batzuk inoiz aldatzen ez direnak triatloi baten zailtasunei dagokienez. Adibidez, igeriketaren partean Konan 1.500 pertsonatik gora aritu ginen ia leku berberean igerian, eta noski, nolabait saihestezina da ehunka kolpe hartzea beso, buru eta hanketan.
Zer egingo duzu etorkizunean?
Nire kirol taldearen ahaleginak kenduta, ez dut inolako diru-laguntzarik jaso, eta baldintza hauetan ez dut uste Hawaira bueltatuko naizenik. Orain deskantsatu egingo dut denboraldi batean, beteranoen maratoian munduko txapeldun ohia den Leire Elosegi nire neskalagunaren alboan, aurrerago kirol frogen mundu honetara gogoz betea bueltatzeko.

0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada