2007-09-15

euskal punk-rockaren bisai berria


Gazteak dira, oso gazteak, ez dira 20 urtera ere ailegatzen. Baina hori inoiz ez da izan zama astunegia erritmoa zainetan daramatenentzako, eta laukote hau ez da baieztapen horren salbuespen. Astigarragan sortuak, taldeak ziztu bizian lortu du musika-giro honetako jomugarik zailenetariko bat gainditzea: jendearen mesedea eskuratzea. Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen sariaren irabazle berriak dira Bisai. Eta hauek dira beraien buruhausteak.

Egizue zuen buruaren aurkezpena.
Bisai gara, iaz Astigarragan sortutako talde berri bat, eta gure helburu nagusia ahalik eta jende gehienari zabaltzea da, eta ahalik eta toki gehienetan jotzea ere. Eta horretarako, gure soinua garatu eta hobetu behar dugu egunez egun.

Apalak, beraz! Zergatik “Bisai”?
Egia esanda ez dauka garrantzi handirik izen horrek. Berez, Berri Txarrak-en abesti batengatik aukeratu genuen, baina azkenean “Bisai” izena gustatu zitzaigun eta definitiboki hartu genuen. Gainera, hitzak “musikaltasun” itzela dauka. Baina bai, egia da ez genuela izenarekin buruhauste gehiegirik hartu! (barreak).

Dena den, haien influentzia antzematen da zuen estiloan.
Ba ez dugu horretan pentsatu. Hemen baino, kanpoan bilatzen dugu inspirazioa. Alegia, gure influentziarik nabariena punk-rock amerikarrean aurkitzen da, Sum 41 eta Rise Against-en estiloetako taldeetan, adibidez. Haien melodiak gogoan izaten ditugu abesti berriak osatzeko, batez ere itxura eta ohitura hartzeko, eta gero, noski, saiatzen gara gure estilo propioa bilatzen. Dena den, talde bat “estilo” huts batean etiketatzea ez zaigu asko gustatzen, normalean kide bakoitza bereaz bustirik dagoelako. Eta talde bat pertsona jakin batzuen elkarketa da, azken finean.

Eta zuen talde hori Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi egin du.
Serioski, ez genuen batere espero lehiaketan zerbait egitea. Harrituta geratu ginen gure izena irakurtzerakoan hautatuen artean, eta Interneten botoen gorabeherak ikusterakoan ezinezkoa izan zen nolabait katxondo ez jartzea (barreak). Eta entzuleen saria irabazterakoan bueno, ezin imajinatu!

Dudarik gabe, patriketan horrelako sari bat edukitzeak ateak zabaltzen ditu, ez?
Vaya. Igual gaur egun Euskal Herrian dauden ate guztiak eta bakarrak zabaltzen ditu. Aukera handia da. Oso zaila da bestela zerbait lortzea, eta bai, dudarik gabe lagunduko gaitu. Ez da lehiaketa bakarra, noski, baino besteek ez daukate honek daukan indarra ezta, batez ere, izena. 16 argitaraldik askorako ematen dute, eta handik atera diren talde asko profesionalak egin dira. Eta gainera entzuleen saria! Epaile bakoitzak boto bat ematen du, eta horien batuketaz ateratzen da lehiaketaren irabazle nagusia. Baina herritarren saria irabazteko hautesle asko behar dituzu, eta edozein ezezagun sar daiteke Interneten bere botoa emateko. Pertsona batek hori egiteko lana hartu badu, baliteke benetan gure musika gustatu izana. Bai, pertsonalki, nahiago dugu sari hau irabaztea.

Ez da lan erraza, urte bakarra edukitzean talde batek horrenbeste lortzea.
Bueno, urte bat baino apur bat zaharragoak gara ere, eh? Astigarragakoak hasi ginen; Unai, Eneko eta ni (Iban), gure abesti propioak egiteko nahian. Laster ikusi genuen kontzertuetan erosoago egoteko, eta baita genuenari eustarria emateko, beste gitarra bat behar genuela, eta horretarako fitxatu genuen Josu. Neurri batean, egin nahi genuen musikak ere hori eskatzen zuen.

Eta euskaraz abestearen hautaketa?
Argi eta garbi, euskara gure hizkuntza delako. Ez genuen beste aukeretan pentsatu, ez onerako ezta txarrerako ere.

Euskal Herrian rock talde ugari daude. Amaitzeko, esan labur-labur zerk egiten dizuen berezi.
Gure abestiak oso erraz entzuten direla. Pixka bat melodikoa izatea, bere alde gogorrak edukitzea eta Josuren punteo apartek lortzen dute hori. Horrenbeste influentzien nahasketarekin lortzen da garrantzizko nolakotasun bat: musika alaia sortzen dela.
Eta milesker lehiaketan bozkatu gaituzuen guztiei! Diskoa laster egongo da salgai.