2007-12-04

barneko mundua kanporatzeko panpinak

(PASAIAN.COM online egunkarirako idatzita).

Gizaki guzti-guztiak gara gure bihotz eta burmuinean ezkutaturik dagoen mundu baten jabeak, beste inork inolaz ere ikusi ezin duena. Egia hau haurtzaro eta nerabezaroan aberatsa da bereziki, baina guk helduok daukagun ikuspuntuak mozten dizkio hegoak. Zorionez, premia hau kanpora ateratzen uzteko bideak badaude, eta Pasaiako "Antzerkia, zirkua eta mimoa" tailerrean egiten dutena horren adibide da. San Pedroko Udal Gimnasioan astean behin eskaintzen den ikastaro horretan txotxongiloekin egindako antzerkiak lantzen dituzte. Pasaian.com-ek Urko Redondo irakaslearekin hitz egin du.

Panpinak antzerki eta mimoen tailer batean? Urkok azaldu digu zergatia: «Kurtsoak eskaintzen zuena antzerki eta mimoen lanak ziren. Baina laster ikusi genuen haurrek beste bide batetik jo nahi zutela. Berotze ariketak eta antzerki laburrak gorputza eta soinuak erabiliz egiten ditugu, bai, baina guzti hori osatzeko panpinen laguntza behar dugu». Urkok bost ikasle ditu, 10 urteko hiru neska-mutil eta 13 urteko bi neska. Adin tarte ezberdinak, baina guztiek irudimena lantzeko joera dute.

Naturaltasunaren adina

Eta, dirudienez, ondo baino hobeto moldatzen dira haurrak txotxongilo hauekin. «Oso gauza autentikoak egiten dituzte, izugarrizkoak», esan du Urkok. «Beraien burua ez dute zentsuratzen, eta primeran egin beharko luke profesional batek horrelako naturaltasun mailara iritsi ahal izateko». Klase bakoitzean izaten dute hori egiaztatzeko aukera, beti prestatzen baitute emanalditxo bat. Baliteke kurtsoaren amaieran saio handi bat egitea herriko jairen batean. Urkoren iritzian, «azken finean, jende aurrean barnean dagoena erakustea da antzerkiaren funtsetako bat».

Beraien panpina propioak paperaz, kolaz, telaz eta edozein materialez egin beharko dituzte Urkoren ikasleek. Momentuz, bereak uzten dizkie lehenengo antzezlanak egiteko (argazki hauetan "Hiru txerritxoak" ipuin klasikoa eta "Pilotan jolasten zuen hartza" istorio asmatua agertzen dira), eta honek nolabaiteko ikara sortzen dio. «Oso delikatuak dira», dio berak, «baina tira, pertsonen barruko munduan murgiltzeko erabiltzen ditugun tresnak dira objektu hauek». Azken batean, haurrak haur izango dira beti. «Ba bai. Zorionez».